sábado, 31 de marzo de 2012

Hodeien mugimendua

Etzanda nago mundu berezi honek mirets dezakeen txoko horietako gutxietako baten. Alegia, inon ere ez, baina etzanda. Zeruari begira, gainera. Eguzki izpiek min ematen didate begietan, baina ez ditut ixten, funtsean sentsazio atsegina delako. Paisaia urdina dago nire parean, ederra benetan, oroitzapenetan iltzatuta geratzen den horietakoa da. Hala ere, zenbait hodei antzeman daitezke. Ezer ez da perfektua, ezta?

Horrelako egunetan ezinegonak nire barneak mugiarazten ditu: nostalgia, malenkonia eta samina. Ez da goibeltasuna, ez dut edalontzia erdi hutsik ikusten, holako egunek ez dute zerikusirik pesimismoarekin. Bizitza bera da horrelako sentimenak edukitzera naramana. Beno, bizitza eta bere gazi-gezak, orainaldia sortzen duten iraganeko ekintza guztiak. Baina ez dut malkorik sentitzen nire masailetatik behera jaisten, hutsik nagoela uste dut.

Gogoak ez dira nahikoa altxa eta hodeiak harrapatzen saiatzeko, baliteke gogorik ez edukitzea ere. Hurbilago egongo balira, besoa luzatzea nahikoa izango balitz, haiek hartu eta Lurreko beste puntara bidaliko nituzke, neuk behintzat Eguzkiaz disfrutatu ahal izateko.

Di-da batean, konturatu gabe, txakur forma zuen laino hura dagoeneko Gasteizen dago. Madrilen, Marokon, Sierra Leonan… Badakit ez dela inoiz itzuliko ni nagoen tokira. Eta inoiz itzuliko balitz, Sarrionandiaren olerkiak dioen bezala, ez litzateke berdina izango. Ez luke itxura bera edukiko, eta seguruenik, izatekotan, inor ere ez litzateke bere presentziaz jabetuko.

Zein azkar aldentzen diren zeruko hodeiak eta zenbat kostatzen zaigun bihotzean ditugun horiek urruntzea.

lunes, 26 de marzo de 2012

Ilusioa

Ilusioez bizi den pertsona orori deitzeko “iluso” terminoa erabiltzen da gazteleraz eta esan genezake, tamalez, askotan mespretxuz egiten dela. Nire galdera honako hau da, ordea: eta nor ez da ilusioez bizi? Zera esan nahi dut, errealitatetik urrunago zein hurbilago egon, denok dauzkagula ametsak gure bihotz inperfektu horretan. Batzuk euren egunerokotasunean gozatuko dituzte, beste batzuk noizean behin, zer edo zer berezia egitean: bidaiatu, kotxe bat erosi, seme-alabak eduki, liburu bat idatzi. Baten batek, agian, ez ditu ilusio horien haziak inoiz landatuko, eta landatzekotan, ez ditu handitzen ikusiko. Eta zer axola du?

Gizakia gizaki denez eta denetik pentsamenduak eta sentimenak ditu, eta noizbehinka, biak nahasten dituenean, gauza zoragarriak sortzen dira, onerako nahiz txarrerako. Arrazoiaz baliatuz bihotzak dioena jarraitzea izan liteke gakoa, norberaren esku dago. Gizakia bizitza aldrebesten duen izaki bizidun sinplea da, gauzen irudikapen eta interpretatzea garatu duena. Konplexua dela uste duen arren ez duena antzematen bizitzea jaiotzearen ondorioa dela, eta hiltzea bizitzearena.

Hala eta guztiz ere, honen guztiaren muina da jabetzea mundu guztiak ez duela helburu finkorik bere bizitzarako, ez aurreikusitako biderik, baizik eta itxaropena eta gogoak. Bidea gure pausuek osatzen dute, gure pausuak guk geuk ematen ditugu, eta badugu gaitasun nahikoa pausuak ematea edo ez ematea erabakitzeko.

Ametsak errealak izango dira gure barnean bizirik dirauten bitartean, nahiz eta ez ikusi, usaindu, ukitu, dastatu edota entzun. Ametsek gu gidatzen bagaituzte, ametsen menpekoak izateko arriskua edukiko dugu. Horregatik saiatu beharra daukagu gure ametsak gure gogamenaren menpekoak bihurtzen, egiten dugun mugimendu bakoitzaren ondorioak, gure lan eta esfortzuaren fruituak, gure nortasunaren isla. Azkenik, gogoeta bat egitera gonbidatzen zaitut: bizitzan ilusiorik ez baduzu, bizitzeko ilusiorik ez baduzu eta zure bizitza ez badu ilusioak mugitzen… zertarako bizi zara?

“Ametsak amets, aurrera goaz; helburu finkorik gabe, burua tente, edonora”